Arruan Haundi baserria zaharberritutako baserria da eta historia-ondaretzat izendatua. Lasturko bailaran dago, mendien erdi-erdian eta itsasotik gertu.

Kostaldetik 9 km-ra dago (Deba eta Mutrikutik), eta era berean, Donosti, Bilbo eta Gasteiztik 50 km ingurura.

Baserriko jarduera nagusia nekazaritza-abeltzaintza ekologikoa da.

Etxeko abereek (besteak beste, pottokek, ardiek eta txerriek) jatekoa emateaz gainera, mendia garbi-garbi utzi eta gurera etorritako haurrekin jolas egiten dute, eta nahi izanez gero, gurditxoan eraman. Furia eta Euri dute izena horretarako ikasitako pottokek.

Garaian garaian, gure ardien esnearekin gazta egiten dugu, eta baserriko dendatxoan, marmeladak, ogia, sagardoa, txakolina eta Errioxako ardo goxoa ditugu salgai, besteak beste. Oiloek arrautzak zer txokotan errun ohi duten zeuek aurkituko duzue, eta gero, arrautzak hartuta Arruango gazta-tortilla goxo-goxoa egingo!

Baserrira zatoztenok bertan ostatu hartzeko zenbait aukera dituzue: batetik, osorik alokatu ohi dugun etxea (sei pertsonarentzat); bestetik, aterpetxe txiki bat (gehienez, zortzi pertsonarentzat); eta azkenik, baserriaren inguruko zelaietan akanpatzeko aukera ere baduzue.

Eta “astiro” bidaiatu ohi dutenek –zaldiz, bizikletaz edo oinez– aukera dute gurean ostatu hartzeko: “Abentura zapaian”. Bidaiariek nahiz haien animaliek (zaldiek) zapaian atseden hartzeko aukera izango dute, bai eta dutxa hartzeko eta etxeko gazta, ogia eta ardoa edanda indarrak berriro hartu, eta horrela, biharamunean bideari indarberrituta ekiteko.

Azkenik, atsegin handiz azalduko dizkizuegu inguruko mendietan egin daitezkeen ibilaldi ederrak (zeuen logeletan prest izango dituzue aldapak igotzen laguntzeko mendiko makilak). Etor zaitezte Lastur aldera, atseden hartzeko aukera izango baituzue, eta aldi berean, gozatu egingo duzue gure eskualdeak emateko duen guztiaz.

"BIZITZEKO DENBORA HARTU BEHAR DA!"

Lastur - Baserriko Produktuak

Irisbidea             Harremanetarako             Estekak