Gure baratzea probak egiteko lekua da, jatorri ekologikoa duten barazki-barietate ugari ereiten eta landatzen ditugu txandakako laboreetan, mota guztietako barazkiak eta fruituak lortzeko eta, horrenbestez, janari freskoa edo kontserbatan gordetakoa izateko urte osoan zehar. Gurera etortzen zaretenoi atsegin handiz eskainiko dizkizuegu unean bertan ditugun elikagaiak.

Gure baserria ez da ezer etxeko abereak gabe. Haietako bakoitzak bere lekua baitu gure ekosistema txikiaren zikloan. Oiloek arrautzak jartzen dituzte, txakurrak gure zaindari leialak dira eta katuek saguak eta gainerako animaliatxoak harrapatzen dituzte ugaritu ez daitezen. Horiez gain, larrean patxada askoan egoten diren bi arrazatako animalia autoktonoak ditugu gure baso eta zelaietan. Ardi latxa eta euskal txerria dira. Bi arraza horiek gure baserrian jaiotakoak dira, eta irizpide ekologikoei jarraituta hazitakoak.

Ardi latxa urte osoan zehar egunero-egunero irteten da larrera. Oso funtzio ekologiko garrantzitsua betetzen du, bazkatzeko bertan dagoen dena baliatzen baitu eta, horrenbestez, mendiak garbi izaten laguntzen baitigu. Pazko inguruan arkume paregabeak jateko aukera izango dugu.

Euskal Txerri delako txerria oso antzinako arraza autoktonoa da, garai batean galtzeko zorian egon zena. XX. mendearen erdialdera, halako oso gutxi geratzen ziren. Arraza autoktonoetako animaliak, gure baserrietan eta mendietan bizi zirenak, etengabe desagertzen ari ziren. Garai hartan (baita gaur egun ere) nekazari-ekoizpenerako eskema industrialak ziren nagusi, kalitateari uko eginez edozein modutara eta edozein preziotara lortutako kantitateak ateratzen zituzten, baita ingurumenaren kontura ere. Hala ere, zenbait ekoizle adoretsu eta ausarti esker, erabat desagertzetik libratu zen. Bere ingurura ezin hobeki moldatua, euskal lurraldeak berriz ere irabazi zituen euskal txerriak. Iparraldean, 1989an 25 banako besterik ez zeuden; 2000. urtean, 1500 izatera iritsi ziren. Bada garaia hegoaldeko mendietan ere pixkanaka-pixkanaka hedatzen hasteko, eta gu hori lortzeko ahaleginak egiten ari gara.